Hasiko naiz gizonentzat zein emazteentzat esangura ezberdina izanen dituen irudi batzuk ematen, egoera batzuk azaltzen.
* Gauez, argirik gabeko arkupetan dagoen etxeko atari batean sartzea
* Ia ilunpean dagoen azpiko aparkaleku bat zeharkatzea
* Arrastirian, parke bakarti bat zeharkatzea
Txano gorritxuri gertatu zitzion eta badakigu guri ere gerta dezakigula. Otsoa ilunpean dagoela zai eta gu emazteek ez dugula sekulan joan behar bakarrik oihanerat. Babesa behar dugu, ez dakigu gure burua defendatzen, gizonezko baten babesa behar dugu, zain dauden gizon-otsoren aurkako babesturik izateko. Beldur hau barneratu dugu emazteek, nagusiak zein gazteak ere. Zerbait gertatzen ahal zaigu. Gure ama eta aitak sentiarazi digute beldur hori eta, nahiz eta fitxik ez zaigun gertatu, beldur hori hor da beti.
Guri emazteei transmititu digute eremu publikoa ahalezko arriskutsua dela guretzat. Transmititua izan zaigu ere gure ardura dela gure burua arriskuan ez ezartzea. Horren adibide hurbilena da duela gutti Baionako Herriko Etxearen kanpaina bestetan zehar, neskatilek kontrola ditzaten haien portaera, janzkera eta lagundurik izan daitezen denbora guztiz, batez ere etxeratzeko bidean. Behin etxean egonez gero ziur garelako, etxean ziurtasunaren gunea delako.
Ezezagunak diren gizonen kontrako mesfidantza, eremu publikoan diren gizonetaz mesfidati izaitea, transmititua izan zaigu. Eta arriskutik at dagoen emazte bakarra bikotekide duena da. Etxea, eta ezkontza, eremu babesturik gisa aurkezten zaizkigu, eremu “kabia”, emazteentzat babeslekua. Asurantzetako, edo alarmazko, etxeen publizitatean ageri izaten ohi da : emazteak frango lasaiagoak azaltzen dira, besaulki xuri eta garbi baten gainean jarririk haien seme-alabekin, eremu eroso bat pakea eta ongizate adierazten duena.
Hori da sinetsarazten digutena eta horregatik, hain zuzen, hain “ulertezina” den, hain onartezina, guk hautatu dugun gizon hura, babes eman behar zigun gizon hura, izan dadien erasotzen gaituena fitsik gertatu behar ez zaigun etxean.
Hori da preseski kolpaturik, zangopilaturik, erahilak izan diren emazteei gertatzen zaiena haien senarra, bikotekide eta, frangotan, haien haurren aitak eginik. Emazte hau ez da erasoturik izan azpiko aparkaleku batean, edo ilunpean dagoen karrika batean, are guttiago gizon ezezagun batek eginik. Ez. Erasotzen duena da emazte berak bizitza elgarrekin bizitzeko hautatu zuen gizona.
Zer gertatzen da gizon horrek bere emaztea erasotzen duelarik. Behar bada gezurretan arituko da, nehork jakin ez dezan bere gizona dela erruduna. Gerta daitekeena da ere kolpeak makillajepean estaltzea. Baina...zer gertatzen zaio emazte honi? Galde egiten diote haien buruari emazte horren auzoak, ahizpak, amak, lagunek, familiak.
Eta sekulan aintzin-pauso bat ematera ausartzen bada, gizona salatzera, ametsgaizto batean bilakatu den etxearen uztera, behar bada handik aste batera atzera eginen du, gizonarekin bizitzera itzuliko da, barkatuko du, gizonak sekula santan errepikatuko ez duela hitzeman eta gero.
Eta nehork ez du ulertzen zergaitik gezurretan ibiltzen den edo zergatik berriz berarengana jotzen duen.
Nehork ez du ulertzen nola jartzen ahal duen bere bizitza arriskuan, bere bizitza proprioa, halako gizon bat babesteko. Ez familiak, lagunek, poliziak, epaileak ez eta ere asistenta sozialak. Nehork ez du ulertzen eta denek jujatzen dute emazte hau, bigarren aldikotz kaltetzen. Lehenbiziko senarraren biktima bazen, oraingo honetan eremu sozial osoaren biktima da sare etxetiar, afektibo eta instituzionalarena, lagundu behar zuenarena hain zuzen.
Baina zer gertatazen zaio emazte honi. Gertatzen zaiona da formatuak izan garela pentsatzeko arriskua kanpoan dagoela, karrikan, oihanean, eremu publikoan. Eremu publiko horretan non minberatzat jotzen gaituzten. Baina ez gira prest pentsatzeko egoera bortitz bat etxean ere gerta daitekela, aitarengandik, senarrarengandik edota amaren bikotekidearengandik. Zer gertatzen zaio emazte honi kolpaturik eta mehatxaturik izaten ari dela hautatu zuen gizon onarengandik? Duela aspaldi, gauero oheratzen den gizon horrekin. Maitatzea, artatzea, babestea eta zaintzea agindu zuen gizon hura. Egunerokotasuna partikatzen duen gizon horrekin, da egunen batean hasi zena mespretxatzen, tratu txarrak emaiten, egunen batean mugagabeko bortizkeria emaztearen kontra erabiliko duena, eritetxearaino eraman arte.
Emazte hura nahasia dago, bere amodiozko historioa, beldurrezko historio bilakatu delako. Emazte hura gezurretan aritzen bada lotsaturik dagoelako da gizon horretaz, berak hautatu duena izan delako erasotu duena, nehoiz erasoturik izan ez den bezala. Gezurretan dabil beldur dagoelako, beldurrez ez, izuturik, publikoki adierazten badu gerta dezaiokena. Izuturik berriz gizonaren kolera berpizteaz, emaztearen kontra, haurren kontra. Eta gezurretan dabil ere gizon bera babesteko, haren alde kezkaturik dagoelako, gizona gaizki dagoelako. Maiz ez du pentsatuko bere osoan baizk eta nola laguntzea gizona.
Nola gerta emazteok horrela maitatzea, gure onizatearen gain maitatzea? Ez da ba harritzekoa, gure kulturan hau emazteeri transmititu izan zaigun amodioaren eredua baita. Ikasi dugu amodio sufrimenduari lotuta dagoela. Geroz eta gehiago sufritzen badugu, geroz eta gehiago maite dugu, Ama Birjina bezala, semearengandik sufritzeko bizi dela, semea artatzeko. Emazteok ikasten dugun amodio eredua bestea maitatzea da, bestea artatzea da. Ikasten dugu akituak bizitzera, ikasten baitugu besteen beharrak lehentasunentzat hartzea. Gure burua maitatzea bigarren mail batean emanen dugu. Emazte heldu anitzek konziente gara eredu horretan hezi izan garela. Nehork ez digu erran gure haurtzaroan errespetuz tratatuak izatea merezí dugula.
Gaur egun ere gauzak ez dira horrenbeste aldatu. Neska gazteei ez zaie aipatzen emazteen aurkako gizonen bortizkeriaz, bortizkeri horretaz nola babestu, nola detektatu tratu txarren jarrerak, gai izateko harreman on bat beste txar batetik diferentzia egiteko.
Eta historioa errepikatzen da. 2007 urtean emazteak hiltzen jarraitzen dute, bikotekideak erahilik eta bikote harremanetan bortizkeriak jarraitzen du beti. Badira neurriak polizialak, judizialak eta emazteentzat aterpeak. Baina ez da fitsik bortizkeri hau aintzin behatzeko, berriz gerta ez dadin lortzeko.
Hortarako nerabezaroan hasi beharko genuke errealitate horretaz. Irakatsi beharko genuke gure neska gazteei beste maitasun eredu bat : eskatzen ahal genieke, gizon batekin lehenbiziko hitzorduan ea harek ba al dakien entzuten, egiazko interesa erakusten dion neskari. Eta horrela ez bada, gero ere ez du jakinen izaiten, ez badaki entzuten ez du jakinen ere maitatzen. Lehen hitzorduetan kolera gorrian sartzen bada, edo mespretxuzko aipamenak baditu emaztearen kontra, edo trufatzen bada berataz beste jende batzuen aintzinean, egunen batean bortizkeria erabiltzea aukera bat da. Berez hasia da, bortizkeria mota anitzezkoa baita. Bortizkeria ez da soilik fisikoa, jipoi batekorena. Bortizkeria da ere mespretxuz tratatua izatea, emazteari lodia dagoela erratea, ez dakiela zertaz ari den mintzatzen, kulturgabea dela, traketsa dela.. Bortizkeria da emaztearen joan-jinak kontrolatzea, bere lagunekin egotea debekatzea.. Bortizkeria da emazteari buruz mespretxuz mintzatzea beste jendearen aintzinean, publikoki beheititzeko. Guzti hauek bortizkeriaren seinaleak dira, baina identifikatu ezin ditugunak nehork horretaz aipatzen ez digulako. Mespretxuaren bortizkeria ematen da ere emazteengandik gizoneengan, baina ia inoiz ez da bortizkeri fisiko batean bilakatzen, kontrolezko bortizkeria eta besteren jabetza. Abiatzen garelako menderaketaren sistema sozial batetik gizoneengandik emazteengana, sistema historiko bat patriarkatu izenekoa.
Beraz, ainitz dakigu bortizkeri horren abiapuntuaz, baina heziketa sistema bat falta dugu gure neskatileei, mutikoeei eta jende gazteei erakasteko beste maitasun eta harremanetarako eredu bat. Eta batez ere, neska gazteek ikas dezaten bortizkeriaren seinaleak argiki ikusten..
Zer gehiago gertatzen da emazte bati gizona tratu txarrak erabiltzen dituelarik. Gertatzen ohi dena da duela aspaldi ari dela entzuten haren mespretxuak, behe intentsitatezko bortizkeria. Gertatzen ohi da bere buruaren aldeko oniritzia xehaturik daukala bere gizonak transmititu diolako mespretxurik baizik ez duela merezi. Eta bere buruaren aldeko oniritzia hautsirik du gai ez delako horren aurka zerbait egiteko, uzten duelako apaltzea, mespretxatzea, jotzea eta, gainera, gezurretan dabilelako hori dena estaltzeko. Emazte hau hautsia dago. Jende guztia nahi du berak erantzun dezan eta ezin du, hautsia dagoelako. Eta ez du nehorek ulertzen eta nehorek ez dio emaiten beharrezkoa duen laguntza.
Zer behar du emazte honek?
Bere inguruko jendearen sostenguaren beharrean dago. Lehen lehenik, sinets diezaioten beharrezkoa du. Zeren eta behar bada gertatu zaio iadanik ausartu delarik gertatzen zaionarena azaltzea, nehor ez duela sinetsi edo entzun nahi izan. Behar bada bere familiak senarra babesten du, bera babestu ordez. Gizona ez da ezezagun bat, bere senarra baizik eta gerta daiteke inguruko jendeak onartu nahi ez izatea, zerbaiten egitera edo mogitzera beharturik ez sentitzea.
Baldintzarik gabeko neurri instituzionalen beharra badu, baldintzak materialak (berehalako lan sari bat ez badu jadanik eta aterbetzeko etxebizitza bat) eta neurri sikosozialak, sostengu taldeak, maitasunari buruzko tailerrak, norbere buruari buruzko maitasuna eta bikotearen baitako maitasunaz. Alta, frangotan kontrakoa suertatzen da, instituzioak zigortuko duela emaztea. Hori deitzen dut biktimizazioa bikoiztea : tratu txarrak jasaiten ditu emazte batek, badoa salaketa egitera eta handik hiru egunetara, edo aste baten barne, salaketa kentzen du, gizonak agindu diolako berriz gertatuko ez dela eta berak sinetsi nahi dio. Gero, hilabete bat berantago, kolpeak berriz hasten dira, polizia laguntza eske deitzen du, baina oraingo honetan poliziak ez dira hain gisakoak izanen, harekin zergatik jarraitzen duen ulertzen ez dutelako. Eta ingurumen afektiboa, ahaideek, lagunek ere zigortzen ahal dute, emaztea ezgauza bat bezala tratatuz.
Tratu txarra, bikote harremanetan bortizkeria bihurtzen ahal da tratu on eta tratu txar baten arteko liferentzia egiten ikasten ez dugulako. Eta hori guzia posible da jabetasun-menperatasunean finkatzen baititugu harremanak. Gizonezkoaren bortizkeriak logika bat jarraitzen du, emaztea gizonaren kontrolpean mantentzearena. Ala nola ainitzetan erahilketak gertatzen dira emaztea bikotekidearen gandi bereixten delarik, jabetasun-menperatasun harremana desagertzen delako eta gizonak ez du onartzen emaztearengan zuen boterea galtzea.
Gizonezko bortizkeria bizitza bertan dago: mutil gazteentzat gizon bat izaitea botere ukaitea erran nahi du : abiadura handiko auto bat ukaitea, neska bat ukaitea sexual harremanetarako, neska horren gorputzaren jabe izaitea, objektu bat bezala tratatuz. Gizonezko eredu honetan, gizon bat izaitea erran nahi du bere burua zaurkorra (edo minbera) izaiten ahal dela ez erakustea; bere sentimenduetaz ez hitz egitea ; besteekin konpartitzea ez ikastea, besteei eta beraren buruari ez entzutea. Guzi hau ez dute ikasten mutikoek, are gehiago, haien artean lehiatzea dute ikasten – futbolean eta halako jokuetan- emazte batentzat lehiatzea, indartsuena izaiteko. Mutikoak, beranduago gizonak izanen direnak, ez dute ikasten konplize edo lagun izaiten, femeninotzat hartzen baita konplize izaitea, eta femenino izaitea ez da arras gizon izaitea. Horrexegatik, gizonak frangotan munduan oso bakartiak sentitzen ahal dira eta haien emazteak erabakitzen duelarik bereiztea, eskutik utzita sentitzen dira ,eta beren haserre gorria bihurtzen dute errudun daukaten emaztearen kontra. Gezurra badirudi ere, gizon bortitzek beraien burua biktimatzat jotzen dute.
Egia da bestearekin harremanetan sartzea ikasten dugula gehien bat etxean ikasi eta ikusiarekin. Haurtzaroan ikusi duguna etxean botere harremanak izan badira, tratu txarrak, aitarengandik amarengan edo kontrakoa, ziuraski gauza bera eginen dugu geroxeago. Hala eta guztiz ere, hezkuntza publikoak badu bere eragina eta laguntzen ahal du hezkuntza eredu hori aldatzen, tratu on bat tratu txar batetik liferentzia egiten ikasiz.
Laburbilduz ez dugu hezkuntza bat tratu onen aldekoa dena, modu ezberdin batez mutiko zein neskatilekin lantzeko : neskatilekin bakoitxren buruaren konfiantza, errespetua eta tratu on baten alde lan egiteko. Eta ez dugu ere hezkuntzarik mutikoekin lantzen duena konplizitatea, sentimenduen adierazpena, norbanakoakilako buruaren errespetua eta besteenganako errespetua. Gure heziketak ez digu erakusten nahi duguna eta senditzen duguna nabarmentzen, ez digu erakusten behar duguna eskatzen eta ezetza erraiten nahi ez dugunari.
Eta, batez ere, ez dugu patriarkatuari buruz mintzo den hezkuntza bat, bortizkeriaren jatorriaz mintzatzen dena. Zer da patriarkatua, zergaitik boterea izan da, eta badago gaur egun ere, gizonen esku; zergatik emazteak ez dira azaltzen gure historio eta filosofia kurtsoetan; zergaitik gizonek dituzte erosten auto handiagoak eta emazteek txikiagoak; zergatik dira emazteak besteak artatzen dituztenak eta egunerokotasunaz arduratzen direnak. Zergaitik neskak meheak izan nahi dute eta mutikoek burua hausten dute barrabilen haunditasunarekin.
Egia da ere, sozial mailan rolak malgutzen diren heinean, haurren hezkuntzan inplikatzen diren heinean, jende nagusiaren artatzean; tratu on eta samurtasuna harremantzat lantzen diren heinean, erreferenteak aldatzen joaten dira eta gizonezko bortizkeria behititzen doa. Eta gaur egungo gizonen gehiengoak ez luke erabiliko holako bortizkeria haien emazteen kontra, ezta ere bereizteko unean..
Bortizkeri hau aurrezaintzeko gauza batzu egiten ahal dira baina ez dira egiten. Hitz batez, ez dugu hunkipen eta erotikotasun hezkuntza bat gure emazte eta gizonen arteko harremanak aldatzeko, eta parekoen arteko harremanak bihurt daitezen. Aldiz, komertzial eta telebistazko munduak etengabe adierazten eta areagotzen digu emazte eta gizonen arteko harremanak jabetasun-menpetasunean.