
EUSKAL HERRIKO EMAKUMEON ESKUBIDEEN GUTUNA
SARRERA: ERREALITATEA MARGOTZEN
Milurteko berri honen hasieran, Mundu Martxarako nazioarteko sarea osatzen dugun emakumeok, gure eskubideekin zer gertatzen zen aztertzea izan genuen helburu. EMAKUMEEK GIZATERIARI
MUNDU GUTUNA da lan horren emaitza, eta orain gure herrian bertan aplikatu nahi dugu lan hori, gure ustez, geuri dagozkigun eskubideen lorpenean aurrera egiten eta eskubideok beteko direla
bermatzen duten mekanismoak exijitzen lagunduko digun tresna behar dugulako eta, era berean, borroka feministaren helburuak eta jarraitu beharreko estrategiak eguneratzeko. Ez da erraza izango,
ez horixe.
Badira hiru hamarkada, herrialde honetan antolaturiko Mugimendu Feministari errealitate patriarkalak zalantza eragiten diona, emakumeentzat problematikoa, bidegabea eta legez kontrakoa izateagatik; berau ahalbidetzen duten arrazoiak bilatzen aritu izan da eta gizon-emakume guztiontzat hobea litzatekeen gizarterako proposamen alternatiboak eratzen.
Izan dira, bai, oztopoak bidean, baina ikuspuntu formal batetik, esan dezakegu berdintasuna izan badela: legezko eskubideak eta gure ugalkortasunaren kontrola konkistatu ditugu, goi-mailako heziketara ailegatu gara, lehenago guretzat pentsaezinak ziren lanbideetan aritu gara eta gizartean betetzen dugun funtzioaren gainean antzina zeuden sinesmenak behera bota ditugu,… Orduan, hainbeste adierazpen, lege eta egitasmo izanda, zergatik gertatzen dira oraindik indarkeria sexista, diskriminazio, zapalkuntza eta ikusezintasun egoerak? Eta kontutan izanik bi estatuetan banatuak gaudela eta hiru administrazioetan hainbat lege idatzi egin dira. Emakumeok uste dugu ez dagoela benetako borondaterik, ez interesik, gizarte-guneetako esleipen hierarkizatua generoaren arabera aldatzeko, eta honi amaiera eman ahal izateko, gizarte osoaren jarrera aldaketa da beharrezkoa eta gizonezkoena bereziki, gizon izateagatik bakarrik dituzten pribilegioei uko egiten ikasi beharko dutelarik. Gizonak jaio egiten dira eskubidedun, guk borrokatu egin behar dugu, lortu nahi baditugu.
Eta lan egingo dugu lortzeko. Euskal Herrian bizi garen emakumeak: hemen jaiotakoak zein kanpotik etorriak, langabetuak, esplotatuak, lesbianak, sakabanatu eta kartzelaratuak, txiroak, sexua ogibide dutenak, etxekoandreak, nekazari eta abeltzainak, gazteak, zaintzaileak, erasotu eta kolpatuak, pentsiodunak, sindikalistak, intsumisoak, artisauak, ekologistak, euskaltzale eta feministak, EMAKUME GUZTIOK eduki nahi dugu geure eskubideen gutuna, gaur egun gure herrian bizi dugun egoera islatu eta gure desioak zehaztuko dituena. Izan ere, patriarkatua bakarra da mundu osoan, baina alderdi ezberdinak erakusten ditu, lekuan lekuko errealitate sozial eta politikoaren arabera.
Euskal Herrian biztanleriaren erdia baino gehixeago gara emakume, gero eta emakumezko gehiago ikus daiteke gizartearen arlo ezberdinetan (sozialean, kulturalean, lan-arloan, sindikalean…), baina hala eta guztiz ere, erabakiak hartzeko organoetan eta botere-organoetan gutxiengoa gara: kristalezko sabaia delakoa da. Balore ekonomiko eta politikoko arloetan oso ordezkaritza murritza daukagu, oso sektore zehatz eta feminizatuetan sartu gara lan munduan, eta gainera, eskalarik baxuenetan, gaizki ordaindutako sektoreetan eta kontraturik ezegonkorrenetan. Langabezian luzaroen egoten den pertsona taldea gara, eta beraz, zerbitzu sozialaren eta halakoen beharrik handiena duena… Ezegonkortasuna eta bazterkeria dela eta, arreta berezia eskatzen duten sektoreak, alde batetik, etxeko lanetan aritzen direnenak dira, Gizartesegurantzaren erregimen orokorrak babesten ez dituelako, eta bestetik, sexua ogibide dutenena, eskubiderik ez izateaz gain, gizarteak iraindu egiten dituelako. Esanguratsua da arlo bi hauetan batzea herrialde txirotuetatik etorritako emakume gehienak; izan ere, Atzerritartasun Legearen arabera, lan ezegonkortasunera kondenatuta baitaude. Arreta berezia eskatzen du emakume baserritarren egoerak jasaten duen bazterkeriagatik,ingururako elikagaiak ekoizteak duen errekonozimendu ezagatik,emakume baserritar asko laguntza familiarra, ezkontide edo titular-kide epigrafeen azpian ezelako errekonozimendu gabe daude.
Bizitzaren iraupenerako eta zainketarako lanen %80 emakumeok egiten ditugu, jakien eta elikadura katean emakumeen partehartzea %80koa da, baina lan horiek, sozialki eta ekonomikoki, ez dira inoiz ulertzen pertsona guztien bizi-baldintzen ongizatea eta gizarte-antolaketa osatzen laguntzen duten jarduera bezala.
Politikan eta ekonomian, erakundeek eta gizonek, etengabe baztertzen dute gure lana. Emakumeen kontrako bortizkeria da giza eskubideen urraketarik larrienetakoa eta hedatuenetakoa gure gizartean, eta emakume jaio izateagatik bakarrik, geure kontra egiten diren indarkeria mota guztiak sartzen dira hor: sexu gehiegikeriak, derrigorrezko prostituzioa, laneko sexu erasoak, bikotekide ohiaren eskutik emakumeek jasotzen dituzten jipoiak, bai eta heriotza bera ere…. Mugimendu feministari esker, orain dela urte gutxira arte familia arazotzat edota arazo pribatutzat hartu izan den fenomeno hau, gizarteko arazo sozial eta politiko garrantzitsua dela ikusi da. Testuinguru honetan, nabarmentzekoa da botere publikoen ardura zuzena. Nahiz eta gero eta salaketa gehiago egin, epaitegi bereziak sortu eta langile gaituak prestatu, emakumeek gizonen eskutik jasaten duten biolentziak gizarteko gaitza izaten jarraitzen du.
Une honetan, emakumeen sexualitatea genero-agindu anitzek mugatzen dute, eta afektibitate eta sexuportaerarako jarraibide zehatz batzuek markatzen dute. Sexu-heziketak zeri begiratzen dion ikustea besterik ez dago: heterosexualitateari eta koitoari edota nahi ez diren haurdunaldien prebentzioari.
Kontrazepziozko neurriak geuri zuzentzen zaizkigu ia beti. Abortua kasu jakin batzuetan baino ez da onartzen. Hegoaldean bada Izatezko Bikoteen Lege bat, emakume lesbianen eskubideak emakume heterosexualenekin parekatzen dituena, baina, hala ere, lesbianak ikusezin jarraitzen dute eta jarraitzen dugu, berdintasunerako ezelako keinu txikiena egitea ere zaila delarik.
Edertasun femeninoaren gurtza ez da desagertu, aitzitik, masifikatu egin da, era guztietako produktuen etengabeko ekoizpenean eta kontsumoan oinarritzen den sistema ekonomiko honi esker. Kontzientzia kolektiboan barneratu den guraria da, betiko edertasuna eta gaztetasuna edukitzea, politagoak, argalagoak eta erakargarriagoak izatea… desiragarriagoak azken batean, eta hori lortu ahal izateko, arropa eta kosmetikoak erosi behar dira, neurriz kanpoko gimnasia saioak eta kirurgia arriskutsuak egin, zenbaitetan nahita gosea pasatzeraino ere. Kultu unibertsala da, eguneroko eginbeharra, emakumeak bere buruaz eta munduan duen estatusaz daukan ideiari eragiten dion giza agindu bat.
Euskal herriko emakumeok, beste gatazka politiko bat bizi dugu, gatazka politikoa, eta herri honetako partaide garen heinean, gure eskubidea da gatazkaren konponbidean parte hartzea eta eragitea.
Hau dena ez da kasualitate hutsa. Emakumeok, gizonek eta gizonentzat eraikitako munduan sartu gara. Mundu honek, emakumearen ezkutuko lanaren menpe dagoelako baino ezin dezake funtzionatu, eta horrela, ezinezkoa da emakumea izanda eroso sentitzea. Emakumeek beraiek eta Mugimendu Feministak egindako presioari esker, batez ere, hoberanzko aldaketak izan direla ukatu ezin badugu ere, aldaketek, eurekin batera, kontuan hartu eta aurre egin behar zaien beste erronka batzuk ekarri dituzte. Horretantxe dihardugu. Feminismoak gai izan behar du, XXI. mendeko emakumeok aurrean ditugun kontraesanei erantzun politikoak eta giza eredukoak emateko.
JENDARTEA ERAIKITZEN
Eskubide gutun honen helburua beste jendarte bat osotzea da, non harremanak ez dira hiererakikoak izango eta beste baloreetan oinarrituak egongo dira. Gutun honek emakumeentzako
askatasunean, berdintasunean, elkartasunean, bakean eta justizian oinarrituko da.
Elkarbizitza esparru ezberdinetan ematen diren ezberdintasun sozialak sorrarazten dituzten egiturazko eta errotiko zergatiak konpontzen direnean, etorriko dira bake eta justizi egoera.
Bakea ez dugu ulertzen, gerra egoerarik nahiz armarik gabeko egoera bat bezala, oraindik eta areago, bakea askoz ere sakonagoa den kontzeptu gisa ulertzen dugu. Ez da bakerik izango, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ezberdintasunak, nahiz klase edo etnia ezberdintasunak mantentzen diren bitartean, emakumeon kontrako indarkeria dagoen bitartean. Ez eta, ezarritako ideologia patriarkarrak parekidetasunean oinarrituriko jendarte eredu berria oztopatzen duela ulertzen ez den bitartean, ezta emakumeen kontrako indarkeria existitzen den jendartea dagoen heinean. Ez da bakerik izango, bigarren mailako herritarrak eta ezkutuan eta ikusezintasunean dauden herritarrak irauten duten bitartean.
Emakumeek gizonezkoekiko menpeko eta ezberdintasun egoeran iraunarazten dituen gatazka sozial historikoa konpontzean, hitz egingo dugu emakumeentzako justiziaz.
Egungo herritartasunaren kontzeptuak, gehien nagusitzen den giza taldea, gizonezkoena unibertsala kontsideratzen du. Herritartasunaren ulermen honek emakumeak ikusezinak izatera eramaten gaitu. Emakumeok unibertsaltasun horretan barneratzean ikusezin bihurtzen garelarik.
Emakume eta gizonen arteko harreman ez parekoek, giza eskubideetan dute zeresana. Honela, giza eskubideak adostu zirenean, emakumeok herritartasunetik at geratu ginen. Giza eskubideak eremu publikoaren baitan definitu ziren, eskubide hauek espazio publikoan onartu eta ezagutarazi zirelarik. Honela, emakumeoi atxikitzen zaigun eremu pribatua, eskubideak zerrendatzetik kanpo geratu zelarik.
Hala ere, berdintasun formalaren lortzea ez da nahikoa benetako parekidetasuna eskuratzeko. Herritartasuna, eskubideak izateko eta hauek betearazteko eskubide gisa ulertuta, emakumeok ere erabakiak hartzen diren jendarteko eremu guztietan berdintasunez parte hartzeko eskubidea barne hartzen (inplikatzen) du.
“Publikoak” ezin du jarraitu gizonezkoen propietate izaten eta “pribatua” berriz emakumeen dominioa. Gainera, bi eremu hauek ez daude banatuak, elkarlotuak daude eta beraz dikotomia hau apurtu eta berreraiki beharra dago bi eremuak herritarren eskubideak biltzen dituzten eremu gisa kontsideratuz.
Herritartasunaren kontzeptu berri bat eraiki nahi dugu, zeinak kontutan hartuko duen “pribatu” deitzen zaion eta emakumeoi lotu izan den eremua, zeinaren lanik garrantzitsuena pertsonen zaintza eta haztearen ardura izan den, hau da azken batean egon daitekeen kezkarik sozialena. Pertsonen biziraupenerako ezinbestekoak izan diren jarduerei garrantzia eman eta izendatu nahiz berreskuratu nahi ditugu, batez ere orain arte ezkutuan eta onarpen sozialik gabe iraun dutenak.
Herritartasun eskubideak berplanteatu nahi ditugu, baina ez gizonaren eta bere onuraren arabera, baizik eta ezkutuan baina bizitzarako beharrezko diren jarduerak betetzen dituzten emakumeen arabera baizik.